MUSIKA

Joseba B. Lenoirrek bere lanik anitzena argitaratu du

Joseba B. Lenoir Berako musikariak Begietara so izenburuko lan berria aurkeztu du gaur Bilboko Kafe Antzokian. Nafarrak Miren Narbaiza eta Ander Mujika musikariak izan ditu ondoan; alegia, Josebaren zuzeneko gang-aren kideak.

Lenoirren lan berria orain arte argitaratu duen lan anitzena da. “Askotarikoa da, eta gustuko dut horrelakoa izatea, izan ere, gustuko ditut disko anitzak, baina kantuen artean lotura bat dagoenean. Diskoa koherentea da, bere osotasunean”, azaldu du Berakoak. Heterogeneotasun hori lortzeko estilo ezberdinak jorratu ditu: soula dago, rock, garage-rock, fuzz gitarrak… Pop kantuak ere badira, doinuok zikintzen saiatu naizen arren; egungo soinuak ere sartzen saiatu naiz”.  Horrekin batera, Rolling Stones eta Jimi Hendrixen itzala aipatu ditu.

Diskoa autoekoizpena da, Lenoir bakarka aritu baita, baina ondoan “familia” duela. Hala, grabazioan parte hartu duten senideen artean bere zuzeneko Gang osoa dago (aipatutako Narbaiza eta Mujika, Felix Buff  eta Xan Bidegain), bai eta Fernando Lutxo Neira ere. Horiei bere disko guztien diseinuaz arduratu den Xabier Sagasta gehitu behar zaie. “Xabierren lana ezinbestekoa da, elkar elikatzen baitugu”. Halere, Josebak azpimarratu du bakarkako lana dela, taldearen isla disko osoan islatzen den arren.

Diskoa autoekoizpena den aldetik, kontzertuetan eta Internet bidez eskuratu ahalko da, bai eta Euskal Herriko saltoki bakan batzuetan. Aurreko bi diskoak diskoetxe baten bidez plazaratu ostean, Lenoirrek bere kabuz argitaratzea erabaki du. “Ez da lan erraza. Musikaren aldeko erabateko apustua egin dut, eta halabeharrez norberaren obra kontrolatzea da aukerarik onena; prozesuak zenbat eta bitartekari gutxiago izan hobe, gastuak hazi baino ez baitira egiten”.

Nafarrak, halere, bere familiaren laguntza ere izan du prozesu neketsu baina aberasgarri horretan; esaterako, Ander Mujikak Narvale bulegoa abiatu du Berakoaren kontzertuak kudeatzeko, bai eta beste artista batzuenak ere, tartean, Amorante eta Neighbor. “Bi gauzen arteko uztarketa izan da, norberaren erabakiaren eta ekimen komun baten arteko uztarketa”, nabarmendu du Josebak.

Aurrerapausoa

Diskoa aurkeztea “garaipen handia” izan da musikariarentzat, bere agenda gainezka baitago. Hala, musikaria guztiak Garate estudioan biltzea edo kantuen konponketak etxean egiteko tartea ateratzea neketsua izan da. Nekeak gorabehera, emaitza sendoa da, askotarikoa eta iradokitzailea da, batzuetan garaikide, beste batzuetan berriz, klasikoa. Kantuak, gainera, konponketa sotilez jantzita daude. “Zalantzarik gabe disko hau aurrerapausoa da, musikalki batez ere. Horrekin batera, zentzu dezentetan ikasten ari naiz, eta disko hau gauzatzea garaipena izan da, erraza izan ez den arren”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button