BESTELAKOAK

Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketan izena emateko epea zabalik da

Aurtengoa Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 36. edizioa izango da, eta dagoeneko zabalik da jaialdiaren talde lehiaketan izena emateko epea. Lehiaketa 2012ko uztailaren 4etik 8ra egingo da eta horretan parte hartu nahi duten talde guztiek datorren urteko otsailaren 18ra arte eman ditzakete izena.

Jazz musika jotzen duen Europako edozein talde aurkez daiteke lehiaketara, eta parte hartzeko gehienezko adina 30 urtekoa da, 2012 urtean betetzekoa eta inskribatzeko orduan kreditatu beharrekoa.

Parte hartzeko eskabide orriei, taldearen kalitatearen egiaztagarri izan daitekeen edonolako materiala erantsiko zaie; taldeak grabatutako CD bat eta kalitate oneko argazki bat ezinbestekoak dira. Interesdunek izena emateko inprimakiak eska ditzakete Algortako Kultur Etxean. Internet bidez inskribatzeko aukera ere badago.

Behin eskabide guztiak jasota, Jazzaldiaren epaimahaiak hautagaien behin-betiko aukeraketa egingo du martxoan. Hil horretan finalean parte hartuko duten taldeen izena iragarriko du. Ohikoa denez, hautatutako lau finalistek esku-dirua jasoko dute.

Finalista bakoitzak jaialdiko lehenengo lau egunetan parte hartuko du eta irabazleak berriro jardungo da azken egunean. Sariei dagokienez, 3.750 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatzeko aukera. Horrez gain, irabazleek CD bat grabatuko dute zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro irabaziko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button