ARTEA

Priscila de Carvalhoren lana jarri dute Artiumen

Priscila de Carvalho (Curitiba, Brazil, 1975) Teilatupe bat ez da etxea izenburuko margolana jarri dute Gasteizko Artium zentro eta museoaren eraikinaren fatxadan, Grey Flag 2013 programaren barruan. Lan hori ikusgai dago irailaren amaiera bitarte.

Grey Flag 2013 programak artea erakusteko premia aldarrikatzen du, hau da, “artea bere testuinguruaren eta gizarteko errealitatearen isla dela”. Hala, aurten sei pankarta jarriko dituzte Artiumen fatxadan. Lan horiek “nonbaiten bizitzea” kontzeptua hartuko dute ideia nagusi gisa: “guztiona den tartea betetzeko ekintza gisa —nahiz fisikoa, nahiz kontzeptuzkoa, gizartekoa, politikoa, emozioarena edota sinbolikoa izan—, oraingo honetan artearen bidez”.

Orain arte, bi lan eskegi dira Artiumen: Martin & Sicilia bikote kanariarraren 24 orduz zabalik, eta Alain Urrutia bilbotarraren Oroitzapenetan berriz bizitzea. Lehenengoa maiatza amaitu arte dago ikusgai, eta bigarrena, berriz, uztailaren azken egunetara arte.

Priscila de Carvalhoren lanari dagokionez, paisaia arkitektoniko dinamikoetan oinarritzen da, eta pop art-aren eta arte folklorikoaren eraginak uztartzen ditu, horma-margolanen ezaugarriekin batera. Horretarako, material anitz erabili ditu, hala nola, filmak, Internet, argazkiak eta artistaren oroitzapenak. Mende honetako “konplexutasuna, kaosa eta paradoxak” azaltzen saiatu da artista.

Teilatupe bat ez da etxea lanean bizi daitekeen tokiaren eta haren errealitate ugarien kontzeptua jorratzen dira. Gure etxeari buruzko kontzeptuaz mintzo da, nola bizi dugun eta sentitzen dugun eta, aldi berean, bizi-esparruaren eta han gauden moduaren etengabeko aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak aztertzen ditu”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button