BERTSOTAN

“Gernikak. Begiradak” erakusketaren inguruko bertso-saio literarioa

Martxoaren 27ra bitartean, Gasteizeko Izaskun Arrue Kulturgunean Gernikak. Begiradak erakusketa ikusgai izango duzue.

Erakusketa ezinegonetik sortu den begirada kolektiboa da. “Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur arte zein gutxi ikasi dugun ikusarazten digun oihu erdiragarria. Izan ere, guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten dizkiguten toki-izenak dira: Malaga ezezagunagoak. Urrutikoegiak, agian? Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza berri jasateko prest gaude, gu XXI. mendeko lehen laurdenera iritsi garen munduko hiritar modernook gure besaulkitik zirkinik ere egin gabe?”

Erakusketaren harira, bihar, hilak 19, Gernikak. Begiradak eta bertsoak bertso-saio literarioa antolatu da. Castillo Suarez idazleak pasarte literarioak irakurriko ditu eta Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariek horren inguruko bertsoak sortuko dituzte. Beste aldetik, esan behar da, hirurek parte hartu dutela beraien testuen bidez Gernikak. Begiradak erakusketan.

Erakusketan euskal kulturaren erreferentziazko beste sortzaile batzuen begiradak ere jaso dira, tartean, Eñaut Elorrieta, Patxi Ibarzabal, Maite Aristegi, Onintza Enbeita eta Martxelo Otamendi, besteak beste.
Bertan ere, Xanti Arrietak teknika eta material desberdinak (eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…) erabiltzen dituen artistaren obrak izango dira ikusgai. Azkenik, testuen koordinatzaile lanetan Txema Ramirez de la Piscina kazetari, idazle eta ikerlaria ibili da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button