
Hego Koreatik datorren Han Gong–Ju (Printzesa) filma (Lee Su-Jin, 2013) ikusteko parada egongo da gaur, FAS Zinekluba burutzen ari den online programazioaren barruan. Ekimenaren hasieran zuzeneko aurkezpen bat izango da youtube bidez, eta gero, beste esteka batean, filma ikusi ahalko da.
Iraganeko gertaera batek traumatizatutako Han Gong-ju neska ikasle gazteak etxetik eta bere ingurunetik alde egin behar izan du. Ezinbestean beste herri batera bizitzera joan beharko du, bere irakasle baten amaren babespera. Bizimodu berrira ohitzen badoa ere, eta lagun berriak egin arren, iragana sufrikario hutsa zaio. Gazte misteriotsu bati buruzko drama bizi bat.
Asiako zonalde hartako azken zinemaren film interesgarrienetako bat da Han Gong–Jusari garrantzitsuak lortu dituena, hala nola, publikoaren saria Busanen, Epaimahaiaren Saria Rotterdamen, Epaimahaiaren Sari Nagusia Marraquechen, eta abar.



