MUSIKA

“Kantu Bat Gara” emanaldi berezia, Donostian

Jon Maiak Kantu Bat Gara izeneko kontzertua eskainiko du gaur, Donostiako Kursaal Auditorioan, 19:30ean hasita. Kontzertu solidario horretan Irungo Harrera Sarea eta Donostiako Kaleko Afari Solidarioak taldeak izango ditu bidelagun, etorkinei babesa ematen dioten bi elkarte. Hala, kontzertuko irabazien zati bat haientzat izango da.

Euskal herri osoan oihartzun handia izan du Kantu Bat Gara ikuskizunak. Kontzertu horietan guztietan, izan ere, euskal kulturako erreferenteak diren artistak izan ditu ondoan, esaterako, Itziar Ituño, Lucia Lacarra, Jagoba Arrasate, Amets Arzallus, Itziar Atienza, Xabier Amuriza, Joseba Sarrionandia, Mikel Urdangarin, Julen Gabiria, Leire Bilbao eta abar.
Horrela, Donostian ere, hainbat gonbidatu berezi izango ditu Maiak ondoan oholtzan.

Izan ere, Maiak sortutako ikuskizuna ez da soilik kontzertu soila; beste mundu bat posible dela eta txarrenari onena ateratzea dira Jonen aldarrikapen nagusiak. Horregatik, Euskal Herrira bizitzera etorritako hainbat eta hainbat lagunek izan dute ahotsa bere emanaldi guztietan, jatorri afrikarrekoak gehienak. Halaber, Jonek euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikular bat zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti.

Jon Maia bertsolari bezala ezagutzen dugun arren, urteotan hainbat talde eta abeslariren letragilea ere  bada, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen dute bere emanaldiek. Besteak beste, Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gari, Anari, Gozategi, Mikel Urdangarin, Ken zazpi edo Pirritx eta Porrotxentzat idatzitako kantuek osatzen dute bere zuzenekoetako kantutegia.

Ikuskizunean izen handiko musikariz lagunduta dago Jon Maia, tartean ibilbide luze eta oparoko Gorka Hermosa soinujolean edo Pello Ramirez txeloan, eta gazteagoak diren Nacho Soto teklatuan eta pianoan, eta Nerea Quincoces perkusioetan eta ahotsetan.

Informazio gehiagorako eta sarrerak eskuratzeko kursaal.eus webgunera jo dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button