IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da ZINEXIT, Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia azaroaren 25etik 29ra egingo da Azkuna Zentroko Golem Zinema-aretoetan. Aurten hamalaugarren edizioa egingo da.

ZINEXIT jaialdiak beste behin, erreferentziazko lan zinematografikoetatik abiatuta oinarrizko eskubideen inguruan gogoeta egitera gonbidatu nahi ditu ikusleak, eta horretarako, zineforum eskema proposatzen du: film baten proiekzioa eta, ondoren, bertan dauden ikus-entzuleei irekitako eztabaida. Aurtengo programazioan, nazioarteko zinema berrienaren lau titulu eta Hollywoodeko klasiko bat pantailaratuko dira, besteak beste, eta hala, “proiekzio bakoitza sarritan ezkutuan egoten diren errealitateetan sakontzeko eta isilarazi dituztenen ahotsak anplifikatzeko aukera izango da”.

Pantailaratuko diren lanak honako hauek dira:  Valentina Cicogna eta Mattia Colomboren Pure unknown, Elena Molinaren Remember my name, Luis ‘Soto’ Muñozen Sueños y pan eta Shiori Itoren Black box diaries. Erakustaldia Robert Mulliganen Matar a un ruiseñor klasikoaren proiekzioarekin amaituko da.

Aurreko edizioetan bezala ZINEXIT Eskola egingo da aurten ere. Lehen Hezkuntzako ikasleei umeen oinarrizko eskubideak zinemaren bidez ezagutaraztea da helburua. Programa horretan, material didaktiko espezifikoa banatuko da, eta 6 eta 10 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagorentzako proiekzioa egingo da. Edizio honetan Mohammad Kheyrandishen (2022) Izurde mutikoa da aukeratutako izenburua.

Bigarren hezkuntzako ikasleentzat, Bosa! programa egiten da, aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren kontrako programa da, eta bere helburua da nerabeak Giza Eskubide Unibertsalak betetzeko konpromisoan eta eskubide horien urraketa-mota guztiekiko sentsibilizazioan heztea.

Informazio gehigarria: ZINEXIT

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button