
Gaur hasiko da Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa. Frans van de Staak eta Anne-Marie Faux ardatz dituen programazio potoloa dakar aurten, tartean, Elena Duque, Maddi Barber eta Marina Lameiro eta Ramón Balcellsen lanekin osatutako sail ofizial bat.
Punto de Vista Iruñean egingo da otsailaren 24tik martxoaren 1era arte. “Sail Ofiziala, aurten ere, aniztasun zinematografiko global aberatsaren adierazgarri dugu, mundu osotik etorritako filmekin. 900 film inguruk eman zuten izena, eta hautatutakoak hamahiru herrialdetatik datoz: Alemania, Argentina, Belgika, Kanada, Txile, Kolonbia, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Irlanda, Libano, Palestina eta Tunisia. Bertze alde batetik, estreinaldiak ugari direla ere nabarmendu behar dugu. Film guztiak lehen aldiz aurkeztuko dira lurralderen batean: munduko lau estreinaldi, nazioarteko lau estreinaldi, Europako estreinaldi bat, Espainiako zazpi estreinaldi izanen dira eta Nafarroako estreinaldi bat”.
Bereziki aipatzekoa da Maddi Barber eta Marina Lameiroren azken filma, Cambium, nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan barna ibili ondoren bertan estreinatuko dutena.
Punto de Vista jaialdiak sari hauek banatuko ditu: Film onenaren Punto de Vista sari nagusia (10.000 euro), Zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro), Film labur onenaren saria (3.000 euro, EITBren babesarekin), Publikoak hautatutako Film onenaren sari berezia (1.650 euro) eta Gazteek hautatutako Film onenaren saria, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin (1.500 euro).
Egunez egunekom programazioa: Punto de Vista.