
Otsailaren 20an, larunbata, Berako Kultur Etxean, Mauma konpainiak Galder Perezek idatzitako Lurrun minez izeneko obra eskainiko du. Zuzeneko musika Joseba B. Lenoirek jarriko du, eta oholtza gainean Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano arituko dira. Lan horrek Euskarazko Gidoirik Onena sari jaso zuen 2018ko Cafe Bar Bilbao Antzerki Sarietan.
Lurrun minez parranda orgasmikoa izan nahi du gauak baina denborarekin euren artean larrutzen bukatuko dute. Esan bezala, sauna batean hiru gizon elkartuko dira eta horien arteko hitz-aspertuan hainbat gaiez eztabaidatuko dute. “Beharrezko ote da horrenbeste identitatearen etiketa?”
Lan horrek hiru marikaren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala haizatzen du. Alexek, 30 urte ingurukoak, bertan lan egiten du. Bere buruari Mari Matraka Erregina deitzen dio. Oskarrek 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, saunako ohiko bisitaria da. Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joango da gay sauna batera.
Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak ailegatu ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izanen den lokarria sortu arte.
Parranda orgiastikoa izan nahi du gauak. Baina ospakizunak, kontraesanek, gezurrek eta minek bustitako lurrun gaua izaten bukatuko du. Izan ere, gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala.
Desirak eta beldurrak, alkohola eta pasioa, ezinegona eta nahiak, izerdia eta lurruna, beldurrak eta beharrak, lumak, gorputzak eta arimak nahastuko dituen koktela izanen da gabon gau hau.
“Baina beharrezkoa ote da horrenbeste identitateren gaineko etiketa, horrenbeste teoria? Edo dena justifikatu eta azaldu behar hau ez ote da bestelako boterearengandik jasotako heredentzia kontserbadore patriarkala?”
Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record lanak plazaratu ditu Galderrek Hiru geltoki lurrun izeneko lanean, eta Susa argitaletxeak argitaratu du.