
Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak urteko lehenengo erakusketa abiatu du. Bertan Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteko 20 artistaren lanak ikusgai jarri dira. Erakusketa otsailaren 21era arte egongo da zabalik.
Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak Euskal Herri osoko 145 eskultore batzen ditu, eta erakusketa honetan “euskal eskulturaren ikuspegi eguneratua” erakutsiko da.
Artista talde zabal horretako 10 gizon eta 10 emakumeren sormena jasotzen da: Michel Ruiz, Susan Bart, Fito Cuevas, Bárbara Camhi, Perier, Amaia Conde, Rafa Cantera, Ana Herranz, Joseba Galarza, Mariemi Otaola, Eskerri, Olatz Pereda, Porri, Amaia Sanz de Magarola, Javier Villarroel, Leire Sainz de Aja, Iñaki Olabarri, Dora Salazar, Ube, eta Elena Solatxi.
Batzar Nagusietako erakusketa aretoak euskal eskultura ezagutzeko eta horretaz gozatzeko aukera bat luzatu nahi izan du. Bertan, zeramikaz, burdinaz, egurrez eta teknika mistoarekin egindako piezak jasotzen dira, eta horiei esker, gaur egungo euskal eskulturaren ikuspegi osoaz jabetzeko abagunea luzatu nahi da.