
Bilboko Udalak antolatu duen Magia Topaketen XIV. edizioaren programa maiatzaren 30era arte luzatuko da, eta magiaren artista ospetsuak elkartuko ditu Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetan.
Diogun bezala, topaketak Euskal Herriko, Estatuko beste Erkidego batzuetako eta atzerriko hogei artista inguru bilduko ditu. Atzo bertan abiatu zen ekimena El baúl de mago roulottearekin, Arriaga plazan, eta gaur, Otxarkoagako Kepa Enbeita Urretxindorra plazara joango da. Ikuskizunak 20 minutu inguruko iraupena du, eta benetako antzoki ibiltari bilakatutako roulottearen barruan egiten da.
Beste aldetik, Otxarkoagako Udaltegiak Diego Calaviaren eta Amaia Arriaranen Mr.Twister ikuskizuna jasoko du ostiral honetan, euskaraz eta ingelesez. Leku berean, baina datorren astean, maiatzaren 10ean, Tor eta Txoborro euskal magoak ere izango dira. Eta aipatutakoez gain, Asier Kidamen Aroa eta Mirariak edo Txan Magoaren Ipernutik natorren artista bat naiz ni ikuskizunak ere programatu dira.
Maiatzaren 11n, 19:30ean, Euskadiko eta Munduko izarren gala handia izango da, eta makina bat artista bilduko dira bertan. Batzuk aipatzearren: Imanol Ituiño bertako ilusionista, Alfonso Ríos, Mago Jaque Magiako Espainiako txapelduna, eta Sebastien Dethise artista belgikarra.
Maiatzaren 19an, Diego Calaviak Balambambú estreinatuko du Otxarkoagan; Txurdinagan, maiatzaren 25ean, Sebastien Dethisek El hombre circo aurkeztuko du; Jon Zabal euskal mentalistak Vuelo 15/40 estreinatuko du 26an; eta 27an, Amadeo Edamak El arte de lo imposible. El reto estreinatuko du.
Azkenik, Atera ezazu barruan daramazun magia Lehiaketaren V. Edizioa izango da aurreko edizioaren irabazlearen parte-hartzearekin: Markel Kerejeta.