LITERATURA

Hernandez eta Joycerekin hitzorduak

Miguel Hernandezen poemak izango dira gaur protagonista, 19:00etatik aurrera, Larrabetzun. Joan den urtearen hondarretan argitara eman ziren Munduko Poesia Kaierak antologiaren harira etorri da Josu Landaren bulkadaz, Miguel Hernandez kantuz izeneko errezitaldia.

Azken Munduko Poesia Kaierak antologiaren barruan, Josu Landak Miguel Hernandezen poemak ondu zituen, Carlos Drummond de Andraderenak Koldo Izagirrek landu zituen  eta Angel Errok Emily Dickinsonenak. Joan den urteko udaberrian Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire idazleen aleak argitaratu ziren, bildumari hasiera emanez.

Aurtengoak Ingeborg Bachmann (Nagore Tolosak itzulia), Gabriel Ferrater (Aritz Galarraga), Sophia de Mello (Iñigo Roque), Eugenio Montale (Anjel Lertxundi), Jorge de Sena (Rikardo Arregi) eta Anne Sexton (Harkaitz Cano) izango dira.

Munduko Poesia Kaierak argitalpeneko azken alea sortu zenez geroztik, hainbat lekutan eskainik ditu Josu Landak gaurkoaren moduko errezitaldia, hala nola, Soraluze, Durango, Donostia eta Iruñean.

Gaur Larrabetzun izango da, berak euskarara ekarritako Miguel Hernandezen poemak kantatzen, 19:00etatik aurrera, Anguleri kultur etxean.

Beste aldetik, larunbatean, hilak 24, eta Bilboko Alondegian, James Joyceren Ulysses lanaren itzulpenen gaineko hitzaldia egingo du Xabier Olarrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button