ESZENA

Gaur abiatuko da Lautan Hiru antzerki laburreko VII. jaialdia

Euskarazko antzerkia hauspotzea helburua duen Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioa gaur berton, otsailak 6, abiatuko da. Guztira zortzi ikuskizun eskainiko dira lau astetan, Bilboko zenbait espaziotan: BIRA, Cafe Bar Bilbao, Euskaltzaindia, 7Katu gaztetxea, AEKren Kalderapeko eta La Sinsorga.

Gaur saioak Euskaltzaindian (18:30), eta  La Sinsorgan (19:30) izango dira. Lehenengoan, Saioa Bañales  eta Aroa Blanco bikoteak Odola pieza egingo du, non hilerokoa hizkuntza erritual eta sinboliko batetik aztertzen duen. Geroago, Bea Egizabal aktoreak Gregoria antzezlana oholtzaratuko du. “Feminista jaio ala egin egiten da? Galdera honi erantzun nahian, sortzaileak bere bizitzan feminismoak izan duen eragina aztertzen du, ikuspuntu umoretsu batetik”.

Gainera, aurtengo edizioan lau estreinaldi izango dira: XXII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin eginiko irakurketa dramatizatua; 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuen Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna; 7Katu gaztetxearekin batera egindako Errealitatearen harribitxiak pieza; eta Jokin Oregik zuzendutako Arima eta Bihotza (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta ohi legez, Euskaltzaindiak elkarlanean osatu du egitaraua, hain zuzen, Tartean antzerki konpainiarekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera.

Egitarauaren nondik norakoak ezagutzeko: Lautan Hiru

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button