ARTEA

“Natura iruditan” Zornotzan

Hegaztien, ugaztunen eta narrastien argazkiek osatzen dute Antonio Lopezek, Zornotzako Jauregibarria Ingurumen Etxean jarri duen Natura iruditan erakusketa. Ekaina bitartean izango dira ikusgai irudi ederrak.

Antonio Lopezek natura maite du, batez ere animaliak ditu gogoko. Aspaldiko afizioa du animaliei argazkiak ateratzea, obsesio bilakatzeraino. Afizioa animaliei argazkiak ateratzeaz haratago doa, izan ere, “animalien ohiturak, bizilekuak eta portaerak aztertzen pasatzen dut nire denbora libreko partetik handiena”, dio egileak.

Irudi guztiek momentu konkretu bat jasotzen dute, Antonio Lopez zain egon den momentu hori, hain zuzen. “Animalien mugimenduak jasotzen ditut gehienetan, gure ingurunean edo penintsulan ateratakoak dira. Argazkiak nabarmentzea gogoko ez duen arren, bi arreta gune jarri ditu erakusketan: zikoina beltza, “desagertzeko arriskuan dagoelako” eta eguzki-arranoa, “bere konplexutasunagatik”.

Antonio Lopezen erakusketek helburu bikoitza dute: batetik, “naturarekin harremanetan jartzeak sorrarazten dion zirrara” konpartitu nahi du, eta bestetik, “herritarrak ingurumena errespetatzeak duen garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi ditu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button