ESZENA

Gasteizko Baratza Aretoan, Zurrunbilo jaialdiaren 9. edizioa

Zurrunbilo jaialdia martxoaren 20, 22, 23 eta 24an egingo da Gasteizen. Parasite Kolektiboak antolatzen du jaialdia, Baratza Aretoaren, Gasteizko Udalaren, Arabako Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Laboral Kutxaren eta EHUren babesarekin.

Euskarazko arte eszeniko garaikidearen jaialdia, Zurrunbilo, bederatzigarren ediziora heldu da, eta “diziplinarteko ikuspegi batetik, jaialdia publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde historiko batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzen saiatzen da.”

Edizio honetan, “arte eszeniko garaikideak etorkizuneko belaunaldiei hurbiltzen saiatuko gara, ardatz komun batetik abiatuta: artxiboa, antzerki dokumentala, memoria eta belaunaldien arteko harremanak”.

Lehenengo hitzordua martxoaren 20an izango da, 19:00etan, Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian. Josune Velez de Mendizabal Mamiak Kolektiboaren Ogiak Hizketan Baleki (Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat) kazetaritza performatiboa duen proposamenaren protagonista izango da. Nola bizi ziren Gasteizen XIX. mende hasierako emakumeak?

Martxoaren 22an, Ane Gebarak La Deskarada, La Esther piezaren garapena estreinatuko du. “Bi belaunaldi desberdinetako bi emakumeren (artista bera eta bere amona) harremana ikertzen da eta gure arbasoekiko harremanaz eta gorputzen eraldaketaz hitz egiten digu”.

Larunbatean, martxoak 23, programa bikoitza izango da: 18:00etan, Oier Guillanek ganbila.eus webgune berria aurkeztuko du eta ondoren, Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan liburua aurkeztuko du. Itziar Manerok amaiera emango dio egunari Memoria lanarekin.

Bukatzeko, martxoaren 24an, Metrokoadrokak Artxibo Biluziak egingo du. Javier Barandiaran eta Intza Alkain protagonista dituen konferentzia performatiboa, dokumentu-antzerkia eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa. Joan Mari Torrealdai, Euskaldunon Egunkariaren administrazio kontseiluko lehendakaria da pieza horretako gakoa.

Datu guztiak Baratza Aretoaren webgunean dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button