BESTELAKOAK

Hitzaldi musikatuak eta teknologien bitartez ikasteko modu berriak

Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatzen duen Adi Gure Musikari, adi kanpainak aurrera darrai, eta asteburu honetan Arrasatera, Aretxabaletara eta Zamudiora helduko da, hitzaldi musikatuak eta Practice your music live Txalaparta izeneko proiektuarekin.

Gaur berton, Arrasateko Arizmendik Ikastolan, Pello Reparazek (Vendettak) eta Ritxi Aizpuruk hitzaldi musikatu bat eskainiko dute, Euskal Herriko rock musikaren historiaren zati bat ezagutzera emateko. Hitzaldi bera Aretxabaletako Almen Ikastolan eskainiko dute arratsaldean Fran Uriasek eta Ritxi Aizpuruk.

Bihar, Zamudion dago hitzordua. Balea Musika Ideak enpresak teknologia berritzaileen bitartez euskal musika hurbiltzeko Practice your music live Txalaparta proiektua abiatuko du (Practice Your Music (PYM), musika-tresnekin praktikatzeko softwarea).

Datorren asteko astelehenean, Errenteriako Udaletxeak Oarsoaldeko Eskualdeko Rock Taldeen Gidaren aurkezpena izango da, eta asteartean Aho bete doinu proiektuaren bigarren edizioa aurkeztuko da. Honen inguruan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan lau mahai-inguru egingo dira, non kazetari batek euskal musikaren ekoizpenarekin eta industriarekin loturiko lau eragile elkarrizketatuko dituen.

Kanpaina honek Euskal Herriko musikaren kalitatea eta dibertsitatea ezagutzera eman nahi du, hainbat formaturen bitartez. Kontzertu didaktikoak, solasaldi musikatuak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, hezteko eta jolasteko musika-jarduerak. Eta hori guztia, mota guztietako publikoentzat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button