LITERATURA

“Ganbila” antzerki bildumako hiru liburu berriak kalean

Ganbila antzerki bildumako hiru liburu berriak kalean dira: 39 lore (Amancay Gaztañaga), 99 pauso ganorabakoen aldamenean (Peru Calabaza Saban) eta Porno vs Afrodita (Patricia Urrutia Urieta / Benetan Be Teatroa). Lan horiek gaur berton aurkeztuko dituzte Susa argitaletxeak eta EHAZEk.

Amancay Gaztañagaren lanaren nondik norakoak lerro hauekin zabaldu nahi izan dute: “Krudelak iruditu zaizkit beti antzezlanetako heroi femeninoak. Krudelak beraien zauriak. Krudelak beraien auziak. Krudelak emakume hauek, gizonezkoen buru horietan, egitera behartuta zeuden ekintzak. Krudelak beraien fama. Krudelak beraien lanak eta dramak. Krudelak ere ateratako kanak. Nahiko nituzke askatu. Nahiko nituzke askatu. Zuen kargak”.

Peru Calabaza Sabanen 99 pauso ganorabakoen aldamenean lanean honakoa kontatuko zaizue: “Munduan zehar poeta edo maisu deitzen zioten. Bere herrian ganorabako. 99 pauso emango ditugu ganorabakoen aldamenean, ea fundamentu gutxiko erantzunen bat aurkitzen dugun gure galdera handientzat, hala nola: Zeintzuk dira gure pentsamoldeak jartzen dizkigun tranpak? Zer gertatzen da dagoenaren inguruko diskurtsoekin? Zer da menpean egotea? Non ditugu mugak? Zerk liluratuko gaitu bihar? Gure barnean dugun fundamentalista ttiki oro da lan honen jopuntu. Baita inguruan ditugun fundamentalista handiak ere. Ganorabakoak potentzialki indartsuenak dira. Ez dakigu zertarako, baina badaezpada ere euren inguruan bildu beharko genituzke indarrak”.

Benetan Be Teatroaren Porno vs Afrodita lan ezagunak gaztetxe baten azken orduak kontatzen ditu: “Gaztetxeko azken kontzertua izango da. Gaztetxea betiko ixtera doa. Gazteak hazi egin dira eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere izango da. Seme-alabek, lanak, nekeak, gain hartu dute. Kontzerturako soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango ditu ikusleak zentzumenen aurrean.(…) Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button