ARTEA

“Gernika” film laburarren inguruko erakusketa Donostian

Angel Sandimasek, Jose Luis Zumeta margolariaren laguntzarekin, zuzendutako animazioko film laburra Donostiako Giza Eskubideen X.Zinemaldian estreinatu zen iragan asteburuan. Orain, Kutxa Boulevard Aretoetan ikusitako lan horren inguruko erakusketa paratu dute abenduaren 9a bitarte.

Animaziozko dokumental honetan Gernikako bonbardaketa eta Jose Luis Zumetak eta Mikel Laboak sortutako lanak uztartzen dira gertaera hori gogoratzeko. Musika, berriz, Mikel Laboarena da.

Erakusketak 3Dko film labur hau nola egin den azaltzea du helburu. Hala, ikus-entzunezko lan horren story board-aren, eta Zumetak eginiko gidoi grafikoaren bitartez, zenbait sekuentzia ikus daitezke. Horretaz gain, filmean agertzen den Gernika nola berregin zuten azaltzen duten panel batzuk ere badira, besteak beste.

Gernika film laburraren ideia bi zuzendarien arteko elkarrizketa batean sortu zen, biak ala biak Araizko bailaran bizi baitira. Hala, Sandimasek pintoreari esan zion polita izango litzatekeela bere margolanak Guernica Picassoren obra ezagunaren gainean ikustea 3D teknika erabilita. Zumetak proposamena onartu, eta elementu piktorikoak berregin ostean, animatu egin zituzten eta, azkenik, film laburraren forma eman.

Filmean bi zati nabarmentzen dira. Lehenengoan, zuri eta beltzez, irudiak garai hartako dokumentazio historikoan oinarritzen dira. Bigarrenean, berriz, Zumetaren lan koloretsua nagusitzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button