BESTELAKOAK

Galtzagorri elkarteak “Biko-Teka” tailerra prestatu du aurten ere

Galtzagorri elkarteak Biko-Teka tailerra egingo du urtarrilaren 23tik 27ra Iruñean, bertako Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin. Ekimena “liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra da, non idazleak eta ilustratzaileak, bikoteka eta lau eskutara, lanean aritzen diren astebetez”. Izen-ematea abenduaren 2ra arte egongo da zabalik.

Galtzagorri elkarteak adierazi duen moduan, “tailerraren helburu nagusia haurrentzako euskarazko album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Parte hartu nahi dutenek banaka edo bikoteka egin dezakete: bakarka aurkezten diren ilustratzaileek proiektu berekoak diren hiru ilustrazio aurkeztu beharko dituzte; idazleek testu labur bat. Eta bikoteek proiektuaren zirriborro bat.”

Izena ematen duten sortzaileen artean zortzi ilustratzaile eta zortzi idazle aukeratuko dira eta bikoteka izena eman ez dutenen arteko bikoteak osatzen ahaleginduko dira antolatzaileak.  Aukeratutako guztiek tailerreko formazioa jasotzeko beka bana eskuratuko dute.

2023ko tailerrerako aukeratuak diren bikoteek, Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea izango dituzte irakasle. Eta horiez gain, bi gonbidatu hartuko ditu tailerrak: Garazi Arrula Txalapartako editorea eta Asun Agiriano bibliotekaria, Arrasateko udal liburutegiko zuzendaria.

Jakingarri gehiago Galtzagorri elkarteak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button