
Bihar, urriak 10, eta etzi, urriak 11, nazioarteko bi kontzertu izango dira Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Gallon Drunk rock-and-roll talde ingelesa eta Jello Biafra & The Guantanamo School of Medicine, hurrenez hurren.
Biafra Dead Kennedys AEBetako punk talde mitikoan aritutako abeslaria da eta horretaz gainera, Alternative Tentacles zigiluaren arduraduna ere bada. Kaliforniarrak White People and the Damage Done lan berria aurkeztuko du The Guantanamo School of Medicine taldearen laguntzarekin.
Biafrarekin batera, Hard Ons metal-punk banda australiar ezaguna eta Estricalla hardcore taldea izango dira. Bigarren horretan Fer Sapo (El Corazon del Sapo, Kuraia, Matxura) abesten du Cloacao Kantabriako musikarien laguntzarekin.
Biharko kontzertuari dagokionez, Gallon Drunk talde ingelesa ibilbide luzeko taldea da. Taldearen gidari den James Johnston, gainera, Nick Cave and The Bad Seeds edo Faust taldeekin ere aritu da. Funk erritmoetan bustiriko rock-and-roll zingiratsua jorratzen dute, Euskal Herriko Atom Rhumbaren antzera, eta bihar hirukote gisa arituko dira oraintsu Simon Wring baxu jotzailea hil baitzaie.
Hirurek The Road Gets Darker From Here disko berria aurkeztuko dute. Ingelesekin batera, Gasteizko Los Nitxos banda izango da. Boskote arabarrak after punk iluna jotzen du.