MUSIKA

Protagonista nagusia organoa bera denean

Uztailaren 19tik abuztuaren 15era arte, Organoa Errege lelopean, 11 kontzertu eskainiko dira Busturialdeko 10 herritan, Europako organista handiekin.

“Urtero bezala, organoak eta harmoniumak bizirik mantentzen dituen jaialdi honek gure ondarea balioan jartzen du, musika klasikoz gozatzeko aukera paregabea eskainiz.” Aurten gainera, Axpeko (260 urte), Ibarrangeluko (120 urte) eta Arratzuko (175 urte) organoen urteurrenak ospatuko dira.

Diogun moduan, aurtengo protagonista nagusia organoa bera izango da, instrumentuen erregea deitua dena, “bere handitasunari, moldakortasunari eta historiari merezitako omenaldia egiteko”. Hortaz, edizio honek ondare horri gorazarre egin nahi dio, “publikoari aukera eskainiz instrumentu paregabe hau berriz deskubritzeko; izan ere, bera bakarrik gai da amaigabeko soinuzko paisaiak irudikatzeko.”

Aste honetan, 24an, Cor de Nuit Trío taldea Kortezubin arituko da; 25ean, Alize Mendizabalek kontzertua eskainiko du Gernikan; eta 26an, Axpe-Busturian izango da hitzordua Walter D’Arcangelo musikariarekin.

Antolatzaileek gonbite hau luzatu dute: “Gonbidatuta zaudete esperientzia paregabe honetan murgiltzera, non kontzertu bakoitza ate bat izango den harridurarantz. Izan ere, hemen, entzun baino gehiago, sentitu egiten da. Elkarren artean ikusiko dugu kontzertuetan!”

Kontzertuak non eta noiz izango diren jakiteko, egun klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button