LITERATURA

Gabriel Arestiren mandatua

Dakikezuenez, aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko.

Gauza askoren artean (hitzaldiak, kontzertuak,…) Euskaltzaindiak hainbat argitarapen egin ditu idazle bilbotarraren omenez. Ekainean bertan, Gabriel Arestik ereindakoak liburua argitaratu zen, EHUko Gabriel Aresti Katedrarekin batera, eta azaroan Galda aldizkaria.  Egunotan,  Durangoko Azokan, Euskaltzaindiak hirugarren argitalpen bat aurkeztu du Gabriel Arestiren mandatua izenekoa. Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Elkarteko kideak prestatu dute lan hori.
“Gabriel Aresti poeta soziala izan zela diote baina guk badakigu hori baino askoz gehiago izan zela. Nolabait definitu beharko bagenu, Aresti aitzindari ausarta eta bide urratzaile bikaina izan zela esango nuke nik. Herriaren mandatua sentitu zuen bere baitan, eta mailuaren eta biolaren bidez politika, gizarte, kultura eta identitate gaietan ikusten zituen gabeziak betetzen eta akatsak zuzentzen ahalegindu zen. Eta buru-belarri lotu zitzaion euskararen eta euskal komunitatearen humusa berrosatzeko beharrezko ziren alorrak lantzeari. Euskara, literatura, gizartea, hirigintza, bertsolaritza, itzulpengintza, artea, antzerkigintza, gazteria eta kazetaritza landu zituen. Horra Gabriel Arestiren interesgune nagusietako batzuk, beste zenbaitekin batera bere obraren hezurdura osatzen lagundu ziotenak” adierazi du Xabier Monasteriok.

Gaur egungo hamar sortzaileren gidaritzapean, iraganari baino areago, geroari behatu nahi dion argitalpena da. Liburuak hamar saiakera labur jasotzen ditu: Euskara (Eneko Bidegain); Literatura (Irati Jimenez); Gizartea (Sonia Gonzalez); Antzerkigintza (Oier Guillan); Hirigintza (Ula Iruretagoiena); Artea (Xabier Gantzarain); Kazetaritza (Goizalde Landabaso); Bertsolaritza (Iruri Altzerreka); Gazteria (Hedoi Etxarte); Itzulpengintza (Aiora Jaka).

Show More

Related Articles

Back to top button