MUSIKA

Emakumeen gauak Guggenheim Museoan

Gaur hasita eta uztailaren 21ra bitartean, Guggenheim Bilbao Museoak Patti Smith, Wanda Jackson, CocoRosie, Nneka eta Julieta Venegas musikarien emanaldiak hartuko ditu Women’s Nights (Emakumeen Gauak) zikloaren baitan. “Artista ospetsuak eta etorkizun handikoak elkartuko dira Museoko Atrioan izango den programa intimo eta esklusibo honetan” irakurri ahal da museoaren webgunean.

Aurten museo horrek 15 urte betetzen ditu eta Radiation Tours kontzertu agentziarekin lankidetzan, emakumezko musikarien inguruko egitarau interesgarria atondu du.

Zikloari Wanda Jackson rockabilly estiloko musikariaren kontzertuak emango dio hasiera. Jackson eskarmentu handiko musikaria da, izan ere, 50eko hamarkadan grabatu zituen bere lehenengo diskoak. Bere azken lanean bertsioak bildu ditu eta Jack Whitek ekoitzi du.

Uztailaren 5ean, hainbatek azken urteotan sortutako afro-soul abeslari onenentzat duten Nneka musikari nigeriarra izango da Bilbon, eta 20an Sierra eta Bianca Casady ahizpek osatutako CocoRosie bikote frantsesaren txanda izango da (Coco eta Rosie deitzen zien haien amak txikitan). Biharamunean, uztailak 21, hamar milioi disko baino gehiago salduta eta lau Grammy sari irabazita dituen Julieta Venegas mexikarra etorriko da Bilbora.

Azkenik, azaroaren 13an, “New York hiriko punkaren amona, rockaren ama, noise eta grunge belaunaldien amabitxia, artista, poeta, Robert Mapplethorperen laguna, Michael Stipek (REM) miretsia eta hainbat belaunalditako musikazaleek biziki maitatua den Patti Smith musikari eta idazleak Banga bere azken diskoa aurkeztuko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button