
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXX. edizioa iragarri dute. Ekimenak 10.000 eurotik gora banatuko ditu sarietan. Bi atal izango dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa eta bietan lehen saria eta accesita izango dira, 3.500 eta 1.750 euro, hurrenez hurren.
Aurten lehiaketak 30 urte beteko ditu. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak abiatu zuen estreinakoz 1982. urtean literatur sorkuntza sustatzeko eta Gabriel Arestiren (Bilbo, 1933-1975) lana ezagutarazteko asmoz. Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968) eta Harrizko herri hau (1971) olerki liburuak dira bilbotarraren lanik esanguratsuenak.
Lehiaketara edozein jatorriko idazleak aurkez daitezke, baina lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatziak behar dute egon. Itzulpenik ez dute onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta argitaratu gabeak eta inolako saririk jaso ez dutenak.
Lanak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu beharko dira, edo bestela posta arruntez edo udal web gunearen bitartez bidali beharko dira urriaren 26a baino lehen. Oinarri osoak Bilboko Udaleko webgunean biltzen dira.



