LITERATURA

“Obabakoak” Klasikoen VI. Irakurraldiaren obra

Pedro Alberdi Bilbo Zaharra Euskaltegiko arduradun, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia, Pello Ugalde Laboral Kutxako Eskualde Zuzendaria eta Bernardo Atxaga idazlea prentsaren aurrean agertu dira Arriaga Antzokian, ekainaren 20an, egingo den Klasikoen VI. Irakurraldia aurkezteko. Aurten, Bernardo Atxagaren Obabakoak izango da osorik eta ozenki irakurriko duten euskarazko klasikoa.

“Bilbok idazle egin ninduen, izan ere, etxe honetan, Arriagaren azpian zegoen kafetegian, hainbat idazle juntatzen ginen” (…) orain nire lana 25 urte pasatutakoan irakurgai izateak poz handia ematen dit”.

Bernardo Atxagaren Obabakoak irakurriko dute hainbat lagunek, Arriaga Antzokian, ekainaren 20an, oso-osorik, jendaurrean, Klasikoen VI. Irakurraldia ekimenaren barruan. Irakurraldia goizeko 8:00etan hasita eta arratsaldeko 20:00ak arte gauzatuko da eta Bernardo Atxagak berak irakurriko ditu eleberriaren lehen lerroak eta horrela emango dio hasiera irakurraldiari.

Atxagaren ostean, beste 400 lagun inguru pasatuko dira bertatik, eta mundu osoko 15 euskal etxek ere parte hartuko dute irakurraldi honetan. Euskal kulturako zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ospetsuk Obabakoak klasikoaren pasarte bana irakurriko dute jendaurrean.

Ekimenak helburu bikoitza du: batetik, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzea; eta bestetik, irakurtzeko zaletasuna sustatzea. 

Aurten Obabakoak obraren 25 urteurrena denez, ekitaldi berezi bat antolatuko dute ekainaren 17tik 20ra Arriagako plazan. Hortxe karpa bat jarriko dute, eta bertan erakusketa bat, idazleen hitzaldiak, euskara eta dantza ikastaroak, harremanetarako espazio fisiko eta birtuala, euskara maratoia eta ipuin kontaketak aurkituko dituzue.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak urte bakoitzean dagokion liburuari buruzko Forum zikloa  ere antolatzen du. Aurtengoa ez da gutxiagorako izango, hala, gaur, ekainak 17 Bernardo Atxaga izango da bertan; bigarrenean Ibon Sarasola eta Inazio Mujika arituko dira eta hirugarrenean Iñaki Irazu eta Joxan Goikoetxea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button