MUSIKA

Sacco-k estreinako lana aurkeztuko du zuzenean

Irungo Sacco hirukoteak zuzenean ikusteko aukera izango dugu asteon. Gipuzkoarrek iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuten lehenengo lana, binilozko LPa, Bidehuts kolektiboaren laguntzaz. Azken orduan iritsi zen lana, eta apur bat oharkabe igaro bada ere, proposamen interesgarria da Sacco.

Lisabö herrikideekin lotura zuzena duen taldea da Sacco, izan ere, Xabi Zabala (ahots eta baxua) Lisabön aritu da, eta Ander Zabalegi (bateria) Lisabokö Iban Zabalegi bateria-jotzailearen anaia da. Hirukotea, Borja Toval gitarra-jotzailearekin osatzen da.

Hori gutxi balitz bezala, Lisaböko kide Javi Manterolak, bere gitarrak sartu ditu Inoiz Itzaliko Haiz kantuan. 2013ko uda eta udazkena bitarte garbatu zuen Karlos Osinagak diskoa, Bonberenean. Hortaz, lagun artean eginiko diskoa da. Ondokoa dio Jabi Manterolak diskoaren harira: “Ezin dut objektiboa izan, ez dut objektiboa izan nahi, anaiak ditudalako… Ordu asko elkarrekin bideetan, kontzertuetan, kaleetan…”.

Lisabörekin duten adiskidetasunaz gainera, Saccok antzeko sonoritateak lantzen ditu; alegia, euskaraz abestutako post-hardcore intentsua eta errepikakorra. Batzuetan melodikoa eta zaratatsua; beste batzuetan, berriz, matematikoa.

Hala, Saccok Holandan eta Belgikan aurkeztuko du bere lana: martxoaren 19an, Amsterdamen izango dira, 10an, Leper-en eta 21ean, Ganten. Hiru kontzertu horiek Tpoil taldearekin batera egingo dituzte. Hilaren 29an, berriz, Euskal Herrian izango dira, Gasteizko Ibu-Hots aretoan, Cuchillo de Fuego taldearekin batera, eta maiatzaren 15ean, Andoaingo gaztetxean Diana Lagarto eta Eten taldeekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button