LITERATURA

Uxue Alberdik “Euli-Giro” aurkeztu du

Susa argitaletxeak Uxue Alberdiren Euli-Giro ipuin liburu berriaren aurkezpena egin du gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Euli-Giro bederatzi kontakizun ezusteko eta durduzagarriz osatuta dator 139 orrialdetan. Ipuinon tituluak, honakoak: Dena ez dago zure esku; Opariak; Oreina; Su txikian; Ezertan lagun diezazuket?; Distopia literarioak; Kamera estenopeikoa; Ondo lo egin; eta Preludioa.

“Liburuko protagonista emakumezkoak ez ditu ez adinak ez ogibideak lotzen, ezta bizi duten momentuak ere, baina euren gorputzek eta fisikotasun horretatik sorturiko sentipenek toki zentrala dute narrazioetan; bizi-grinak mugitzen ditu orain amorruz, orain desiraz, orain samurtasunez, orain mendekuz. Uxue Alberdiren prosa gardena da kontaeran, bizitasuna dauka erritmoan, aberatsa da detaileetan, zorrotza da estrategian”.

Uxue Alberdi 1984an jaio zen Elgoibarren, eta gaur egun Getarian bizi da. Aulki bat elurretan (2007) ipuinak eta Aulki-jokoa (2009) nobela argitaratuak ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button