ARTEA

“FIG Bilbaok” nazioko eta nazioarteko grafikarik onena bilduko du

FIG Bilbaok paper arte eta grabatuaren nazioarteko jaialdiak bederatzigarren edizioaren ateak zabalduko ditu bihar, eta plataforma digitala estreinatuko du (www.figonlinefair.com).

Plataforma horretan 50 galeriaren eta 500 artista baino gehiagoren proposamenak izango ditu erakusgai, bai eta grabatzaile garaikideen lanak eta lan grafikoen alorreko talentu berriak ere.
Hortaz, FIG onlinek programazio zabala izango du: hitzaldiak, eztabaidak, obrak erosteko aholkularitza zerbitzua eta zuzeneko erakustaldiak streaming bidez. Jaialdia bihartik (hilak 26) igandera arte irekita izango da.

Osasun egoera dela eta, FIG Bilbaoren zuzendaritzak ahalegina egin du azoka eta galerien proposamenak Bilboko ikusleei hurbiltzeko, eta horretarako street marketineko ekintza original bat prestatu da. Honakoa: Itsasontzietan erabiltzen direnen gisako hiru edukiontzi arte galeria bihurtuko dira, eta obrak hainbat formatutan erakutsiko dira, led pantailen bidez. Aplikazio informatiko bati esker, irudiak 15 minutuan behin aldatuko dira; hala, azokan dauden galeria artistikoetako proposamen artistiko guztiak txandaka aldatzen joango dira. Edukiontzi bakoitzak tunel itxura izango du, hau da, sarrera eta irteera bana izango du, ibilbidearen fluxua hobetzeko. Obra bakoitzak QR kode indibidual bat izango du; hori baliatuta, ikusleek pieza bakoitzaren xehetasunak eta prezioa ikusi ahal izango dituzte, bai eta erosi ere, hala nahi badute. Instalazioa azaroaren 26tik abenduaren 14ra egongo da irekita.
Edukiontzi horiek Bilboko Arte Ederren Museoaren ondoan egongo dira; bertan, Eduardo Arroyo grabatzailea erakusketa egongo da ikusgai.

Aurten, Show Studio izeneko online programa bat ere izango da. Lan grafikoen alorreko bost erakusle handiren instalazioak eta garatzen dituzten egoitza programak ezagutzera emango dira horrela.

Aipatutakoaz gain, nazioarteko hainbat galeriatako ordezkariekin bi topaketa izango dira Jaialdian; Artea & Emakumea mahaia (Pilar de Zubiaurre) online saioa ere eskainiko da, Marta Cardenas eta Mari Puri Herrero artistekin; Tentazioen kuboak programan parte hartuko dute aurten VDAko Grabatuen Fakultateak (Lituania) eta Sofiako Arte Grafikoen Nazioarteko Hirurtekoak (Bulgaria), eta bi herrialdeetako artistek esku-hartze artistikoak egingo dituzte erakusleku birtual batean; eta euskal grabatua nazioartekotzeko eta sustatzeko Basquegraphia sortu du FIG Bilbao Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdiak.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button