
Urtarrilaren 30etik martxoaren 23ra arte, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, pintura-ibilbide oparoa izan zuen Fernando Iriarte (1958-2023) artistaren margolanak ikusi ahalko dira. Bere obra, abstrakzioan oinarritutako ezaugarri nabarmenak dituena, hedapen handia izan du, eta bilduma publiko nola pribatu askotan topa daiteke.
Adituen hitzetan, Fernando Iriarte García “ibilbide luzeko margolaria izan zen, eta itzal pertsonal eta artistiko handia utzi zuen, bai bere lanaren garrantzia aitortuarengatik –orokorrean abstrakzioaren esparrukoa, adierazkorra kritiko batzuentzat, lirikoa beste batzuentzat–, bai bere nortasun bereziagatik, zeinak bizitza osoan arrastaka eraman zuen eta enfant terrible -aren ospea eman baitzion. Artistak artearen ikuspegi zorrotz eta intelektualki trinkoa izan zuen XX. mende amaierako Iruña hartan, non eta Nafarroako pintura garaikidearen tokirik garrantzitsuenetako bat baitu”.
Iriartek arte figuratiboaren eragina ere izan zuen, eta kolorea, pigmentu-materiaz teknika mistoa erabiliz egindako lanetan, modu dotorean erabili zuen. Bere koadroak bidaia bat dira bere baitara, bere intimitatera, asmatutako baina bizitako paisaia horietara, ez beti argitsuak. Bere pinturak erakusten duen adina ezkutatzen du. Ez du hitz egiten, iradoki baizik, baina ez da inoiz mutu edo hutsik geratzen.
“Hitz egin ezin den horri dagokionez, hobe da isiltzea eta hori margotzea” esaldia askotan erabiltzen zuen.
Bere lana honako arte bilduma hauetan ikus daiteke: Nafarroako Museoa; Nafarroako Parlamentua; Nafarroako Unibertsitate Publikoa; Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma; Alacanteko Miguel Hernández Museoa; Nafarroako Kutxaren Bilduma; Zamorako Probintziako Museoa; La Caixa Fundazioan, Bartzelona.