IKUS-ENTZUN

FAS zineklubak Marivi Bilbao aktorea omenduko du

Bilboko FAS zineklubak oraintsu zendu den Marivi Bilbao aktore bilbotarra omenduko du bihar, apirilak 16, egingo den emanaldian. Izan ere, Borja Kobeagak zuzenduriko Eramos pocos lan laburra proiektatuko da, non hildako aktoreak parte hartu zuen.

Emanaldia bikoitza izango da, Kobeagaren lanaz gain, Enrique Urbizuk 2011n estreinaturiko No habrá paz para los malvados film luzea ere proiektatuko baita. Zuzendari bilbotarrak emanaldian parte hartuko du, El Carmen aretoan, 19:45ean.

Noir generoko lan saritua da No habrá paz para los malvados. Jose Coronado aktore espainiarrak antzeztua, eta Michel Gaztanbide gidoilari donostiarraren testu zorrotzarekin ondua, Santos Trinidad (Coronado) poliziaren istorio liskartsua kontatzen du. Trinidad inspektorea goizaldeko ordu txikietan etxera hordirik doala, hilketa hirukoitz batean nahastuko da. Testigu batek dena ikusi, eta ihes egitea lortuko du. Santosek ikerketa abiatuko du testigua bilatu eta garbitzeko.

Bestalde, Kobeagaren Eramos pocos 2005ean filmatu zen, eta 2007ko Oscar Sarietako hautagaia izan zen: Joaquin (Ramon Barea) esnatu eta emazteak utzi du. Bere semea (Alejandro Tejeria) esnatzen du. Biek bere kabuz bizi ezin dutenez, amaginarreba Lourdes (Marivi Bilbao) ateratzen dute zaharren egoitzatik etxeko lanak egin ditzan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button