ESZENA

William Shakespeareren tragedia historikoak Gasteizen ikusgai

Arriaga Antzokiak ekoiztutako eta Calixto Bieitok zuzendutako Erresuma/Kingdom/Reino antzezlanaren euskarazko emanaldia duzue bihar, hilak 9, Gasteizen, bertako Principal Antzokian, 19:30ean hasita. Bernardo Atxagak egindako euskarazko egokitzapenarekin eskainiko dute.

Calixto Bieitok osatu ditu Shakespeareren tragediak, “bere bortizkeria eta poesia guztiarekin, indar estetiko handiko eta instalazio elementuak dituen antzerki-muntaia indartsua oholtzara eramateko” xedez. Calixto Bieitok berak dio “hau zen Bilbora iritsi nintzenean buruan nuen proiektuetako bat. Shakespearekin ingelesez, frantsesez, suedieraz edo alemanez lan egin ondoren, jakin-min handia nuen bere hitzak eta edertasun poetikoa euskaraz eta gaztelaniaz entzuteko. Bernardo Atxagarekin garatu nuen konplizitatearekin bat eginez, are gehiago konbentzitu ninduen proiektu hau egiteko nahiaz. Beraz, hor dago denborarekin Erresuma/Kingdom/Erresuma bihurtu denaren jatorria”.

Euskal aktore bikainek hartuko dute parte lan ederrean: Jose Maria Pou, Joseba Apaolaza, Lucia Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina dira.

Lanaren aurkezpenean aurreratu zenez, “Erresuma/Kingdom/Reino estetikoki eta bisualki oso indartsua den antzerki-proposamen gisa aurkezten zaigu, eta Shakespeareren tragedietako pertsonaia nagusiak ditu ardatz, beren indargune eta ahulguneekin. Pertsonaien izaera dela eta, interpretazioak deigarriak dira haien kontraste eta intentsitateagatik.”

Obra uda iritsi arte hainbat hiritan eskaintzen ari da, tartean, Coruña, Getxo, Santander, Sevilla, Valladolid, eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button