BESTELAKOAK

“eztanDA!”

Horixe da Durangoko Azokaren aurtengo 57.edizioaren leloa: “eztanDA!”. Euskal Herriko kulturaren plazarik handiena, abenduaren 7tik 11ra ospatuko da aurten, eta bost egunetan zehar euren sormenak plazaratuko dituzte kultur sortzaileek.

Hala, Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia kultur-sormen guneetarako proposamenak bidaltzeko azken eguna, bihar larunbata, urriaren 15a izango dute disziplina ezberdinetako kultur sortzaileek.

Gerediaga elkarteak azaldu duenez, azokako 57. edizioan euskal kulturaren “eztanda” biziko da bost egunez, “sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da;  Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda”. Eztanda hori irudikatu nahi izan du hain zuzen ere, Ruben Ramos edizio honetako irudiaren diseinatzaileak. Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du ilustratzaileak kartelean, “big bang baten moduan zabalduko den burrunba”, bere esanetan.

Ikasle Goizak emango dio azokari hasiera. Ohi bezala aurten ere, hainbat jarduera antolatu dira eurentzat: komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra… Horrez gain, hirugarren urtez “PortaDA!” erronka antolatu da Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Eta berrikuntza gisa, aurten hezitzaileentzat ere tailerrak antolatuko dira lehen aldiz: hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia izango dira. Informazio gehiago www.durangokoazoka.eus webgunean duzue.

Durangoko Landakogunean aurrez-aurreko erakusmahaiak izan arren, bertaratu ezin dutenentzat etxetik erosketak egiteko aukera ere egongo da. Hala, online denda martxan egongo da azokako webgunean abenduaren 7tik 10era eta denda digitalean azokan salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira.

Azoka amaituta, kulturaren plazak jarraipena izango du aurten ere “Zu non, han DA!” egitasmoarekin eta Euskal Herriko hainbat liburu dendatan azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da. Aurten, lehengo aldiz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira liburu dendetan.

Informazio osoa eskura dezakezue durangokoazkoka.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.