MUSIKA

Ezinean eta Voltaia taldeen lan berriak

Azpitiko Ezinean taldeak Berriz (Oihuka) izenburuko diskoa argitaratu berri du; taldearen hirugarren diskoa da, eta abiadura handiko hardcore erritmoekin eta ahots melodikoekin josita dator.

Oihan Amezuak (bateria), Oier Eceiza (gitarra eta koruak) eta Iban Amenabarrek (ahotsa eta baxua) 2001. urtean eratu zuten taldea, eta lau urte geroago maketa bat argitaratu zuten. Demo hori kaleratu eta gero, Oihan Lizaso (gitarra eta koruak) gehitu zen taldera. Handik urtebetera, 2006an, lan homonimoa argitaratu zuten, eta 2008an, Zuretzat izenburukoa. Biak ala biak GOR diskoetxea argitaratuak.

Bada, ia lau urtez kontzerturik eta grabaziorik egin gabe, buelta dira gipuzkoarrak Berriz lanarekin.  Grabazioa Oihan Lizaso taldekideak zuzendu du, eta entsegu lokalean jaso dute. Emaitza, hardcore melodikoan bustita dagoen grabazio bizia da.

Taldeak makina bat kontzertu lotu ditu diskoa aurkezteko: apirilaren 4an, Berrizko gaztetxean izango dira; 12an, Zumarragan; 19an, Santurtzin, eta 25ean, Lizarran. Maiatzean ere zenbait emanaldi egingo dituzte: 2an, Donostian; 10ean, Olaztin; 23an, Getarian eta 24an, Anoetan.

Voltaia, desertutik kostaldera

Unai Eizagirre (baxua eta ahotsa), Jon Duran (bateria) eta Ion Brankamonte (gitarra) musikariek 2014an eratu zuten Voltaia taldea Zumaian; aurretik Itaka eta Got Ham taldeetan aritutako musikariak dira. Oraintsu zazpi doinuko estreinako lan homonimoa argitaratu dute.

Hirukote gipuzkoarrak desertuko stoner erritmo pisutsuak jorratzen dituzte: gitarra bihurriak eta zorrotzak eta oinarri erritmiko sendoa, bezain oldarkorra.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button