ARTEA

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan

Artium museoan Komisario Berriak programaren 2020ko deialdian hautatua izan den Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan proiektua ikusi ahalko da gaurtik aurrera. Proiektu hau Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gómez Egiluzek komisariatu dute.

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketa Gasteizko Bideo-Musika Jaialdiko lehen sei edizioetara (1985-1990) hurbiltzen da eta azterketa horrek 1980ko hamarkadako euskal testuinguruan garatu ziren praktika eta kategoria kulturalak berrikustea du helburu.

Bideoak euskal eszena artistikoarekin lotura jarraitua izan zuen 1972ko Iruñeko Topaketen ostean. Hurrengo hamarkadan, erakunde eta jaialdiak medioa barneratzen hasi ziren, eta baita horrek zekarren eztabaida, sortze prozesuak eta gogoetak ere.

Bideo-musika jaialdi baten bidez 1980ko hamarkadako kultura bisualera hurbiltzeak galdera kritikoak planteatzen ditu ezinbestez: Zein izan zen bideoak instituzioekiko mantentzen duen dependentzia? Orduko herri-kulturaz zer kontatzen digute bideoklipek, eta horien letra, adierazpen edo erritmoek? Non zeuden emakumeak testuinguru horretan? Zer ari zen gertatzen Gasteizen jaialdiak arrakasta izan zezan? Nola lan egin dezakegu arte ederren kategoria estetikoetatik kanpo geratzen diren materialekin? Nola berreskuratu iraganeko oroimen bisuala eta gorputzetatik igarotako emozio eta esperientziak? Edo, nola azaldu jakin-nahi horiek guztiak ikusizko diskurtso batean?

Gaur berton, abenduaren 18an, 18:00etan, Ane Lekuona, Itziar Gutierrez eta Iñigo Gómez Egiluz komisarioen eskutik proiektuaren aurkezpena egingo da Museoaren Emanaldi aretoan. Streaming bidez ikusi ahal izango da www.artium.eus webgunean eta Artiumen Youtube kanalean.

Xehetasun guztiak hemen dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button