IKUS-ENTZUN

Euskarazko zinemagintzari ekarpena egiteko xedez, “Benito Ansola” saria

Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izan zen Benito Ansola lekeitiarra, eta bere izena daraman sariak parte-hartzeko epea zabaldu du dagoeneko. Irailaren 2ra arteko epea izango dute ekoizle gazteek haien lanak aurkezteko V. Benito Ansola sariketan. 3.000 euro eskuratu ahal izango ditu irabazleak, eta gainera, lan hori Euskal Zine Bileran aurkeztu ahalko da.

“Profesionalizaziorako bidean lagundu eta euskarazko zinemagintzari ekarpena egiten dio lehiaketak, irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatzen baitu bere proiektua”.

Deialdi honetara, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak eta beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa euskara hutsean. Beste edozein hizkuntzaren presentzia, ikus-entzunezkoan ondo arrazoitu beharko da.

Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza dakartza sariketak. Adibidez, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. “Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean. Horien artean erabakiko da V. edizio honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, eta 10 hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua burutzeko”.

Benito Ansola sariak euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten lagundu nahi die.

Sariketarako bete beharreko kontu guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button