ESZENA

Euskarazko sorkuntza bi ikusgai aste honetan Donostian

Aste honetan euskarazko bi hitzordu interesgarri ondu dira Donostian. Alde batetik, urtarrilaren 29 eta 30ean, Tanttaka Teatroaren Desobedienteak 18/98 pieza ikusgai izango da Antzoki Zaharrean, eta bestetik, horren ostean, 31n, Ikimilikiliklik  oholtzaratuko da Victoria Eugenia antzokian.

Lehen  piezaren korapiloa hauxe duzue: “Ainhoa Zientzia Politikoetan doktoratu berri da eta doktoretza-tesia defendatu behar du epaimahai akademiko baten aurrean. Tesiak desobedientzia zibila jorratzen du gure demokrazietan indarrean dagoen eta beharrezkoa den borroka-praktika gisa, eta, aldi berean, esanahiz betetako adibideen bitartez, eskubide zibilen historian eta haiek irabazteko bidean desobedientzia zibilak izan duen rol erabakigarriaz hitz egiten du. Bestetik, funtzioak bete-betean murgilduko gaitu, Garzon epaileak irekitako eginbide batzuetatik abiatuta, 18/98 sumarioaren makro prozesu judizial polemikoan, zeinetan eskubide zibilak gizarte-mugimenduei lotutako oinarri batetik defendatzen zituzten hainbat pertsonaren prozesamenduaren lekuko izan baikinen. Epaiketatik unibertsitatera eta unibertsitatetik mundura, antzezlanak desobedientzia zibilaren oinarrietara eramango gaitu, eta haren funtzionamenduaz eta egungo gizartean dugun haren premia eta pertinentzia azalduko dizkigu”.
Oholtza gainean, Miren Arrieta, Aiora Emparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, eta Omar Somai arituko dira antzezkizunean.

Beste aldetik, Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak sortutako Ikimilikiliklik ikuskizun ikonikotik abiatuta, musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizun apurtzailea ikusteko aukera egongo da.
Lantalde artistikoa paregabea da, eta bertan, Edurne Azkarateren zuzendaritza eszenikoak ikuspegi fresko eta kontzeptuala eman dio ikusgarriari. Beste aldetik, Iñaki Salvador musikariaren interpretazioak eta presentziak, Mikel Laboaren kolaboratzaile historikoa izanik, bi munduen arteko zubi lana egin du. Oreka Tx taldearen (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) maisutasun erritmiko eta esperimentala ere tartean dago. Libe Kortazar abeslariak bere ahots hunkigarria jarriko du eta Intza Alkain aktoreak bere sentsibilitate dramaturgikoa gehituko du. Azkenik, Itziar Garaluce artista bisualak zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren ardura izango du.

Show More

Related Articles

Back to top button