MUSIKA

Soraluzeko “Blues Hotsak” zikloaren bigarren edizioa prest

Ez dira musikarako garai onenak baina aurrera egin beharra dago, eta iaz hasitako Blues Hotsak  zikloaren bigarren edizioa prest dute Soraluzen. Gaur egungo egoerak aginduta, segurtasun neurriak zainduz eta entzulegoaren aforoa mugatuz burutuko dira hitzorduak datozen bi asteburuetan.

Aurtengo Blues Hotsak  musika jaialdiaren lehen hitzordua bihar, azaroak 21, izango da, Herriko Antzokian, 18:00etan. Bertan musika beltzaren tradizioa zabaltzen duen Gisele Jackson & The Shu Shu´S taldea arituko da. Gisele Jackson abeslariak sehaskan ikasi zuen musika maitatzen Baltimoren, Maryland estatuan (AEB). Aretha Franklin, Mavis Staples eta John Lee Hooker etxeko jukeboxean aritzen ziren, aitak afaria prestatzen zuen bitartean Beltzen Klubeko sukaldean. Bira bat egin zuen karreraren gorenean zegoen Ray Charlesen koruko abeslari gisa. Handik aurrera Donna Summer edo James Brown bezalako mito handiekin ibili zen. Bakarlari ibilbide propioa landuz, hogeita hamar herrialde baino gehiago zapaldu ditu Amerikan, Asian, Europan eta Afrikan, eta AEBetako jazz klub nagusietan ere izan da kantari.

Igandean, azaroak 22, Soraluzeko Musika Eskolako Konboak izango dira protagonistak, 13:00etan, eta geroago, 18:00etan, Dama Beltzak taldearen txanda izango da.  Garai batean, Dama Beltzak mugimendu musikal eta sozialaren erreginak izan ziren, besteak beste, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin ziren. “Ahazturan gera ez daitezen, bost emakume ausart hauen bizitzak kontatu eta haien abestiak kantatuko dituzte. Estitxu Pinatxo Berako kantariaren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek jantziko dituzte dama beltzen abestiak”.

Eta datorren astean beste kontzertu batzuk programatu dituzte, tartean, Travellin´ Brothers taldearena (azaroak 28), eta igandean, Amparo Sanchezena (Amparanoia).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button