BESTELAKOAK

Euskararen geroaz

Euskaltzaindiak azken 50 urteetan euskararen normatibizazioaren arloan egindako lana biltzen duen gidaliburua plazaratu du: Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018.

2018an, Akademiaren mendeurrenaren baitan egin zen jardunaldian jasotakoak bildu dira lan horretan: guztira, jatorri askotariko 49 adituk hausnartu eta esandakoak. Besteak beste, Eric Hoekstra, Jeroen Darquennes, Joan Martí, Manuel González, Battittu Coyos, Miren Azkarate, Miriam Urkia, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Ainhoa Arregi, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxebarria, Ander Irizar, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxagaren gogoetak jasota daude argitalpenean.

“Liburu honek corpusari buruzko gogoeta sakona dakar, hots, Euskaltzaindiak hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan, ahoskeraren alorrean… eginiko aurrerapenak azaltzen eta finkatzen ditu. Baina corpusa eta estatusa batera eraman behar direnez, liburuan argi ikusten da, ildo beretik, gure hizkuntza administrazio publikoan, hezkuntzan edo itzulpengintzan baliatzeko tresna fina izan dela eta badela. Horixe da, izatez, Euskaltzaindiaren zeregin nagusia: tresnak sortu eta gizarteratu, berari dagozkion alorretan”, esan du Andres Urrutia Euskaltzainburuak.

Liburua sei ataletan banatu da eta azken 50 urteotako ahaleginen lagin interesgarria eskaintzen du. “Liburuan ondorioztatzen da euskara batuak bere funtzioa bete duela, jauzi kualitatibo ikaragarria egin baitugu, esaterako, azken 25 urteotan. Euskara batua tresna eraginkorra da erabilera jasoaren ikuspuntutik; zentzu horretan, gizarteak eskatzen dituen funtzio guztiak betetzen ditu eta, gainera, euskararen lurralde guztietara hedatu da”.

Liburuaren azken berba Euskara Batuaren Adierazpena da, bertan berresten baitira Euskaltzaindiaren helburu nagusiak, oraindik ere bizi-bizi dirautenak. Adierazpen hori Joan Mari Torrealdai euskaltzainak irakurri zuen 2018an antolatutako Arantzazuko mintegian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button