Euskal herriko hainbat txokotan makina bat ekimen (azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak…) egiten dira urtero, euskara hutsezko liburu eta diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko. Egitasmo horiek guztiak batzeko unea heldu da eta Doinuele jaio da.
“Azkoitia, Baztan, Galdakao, Hernani, Lazkao, Sara, Zarautz eta Ziburu. Zortzi herri eta hautu bat: euskara hutsezko azokak eta plazak antolatzea euskal literatura eta musikagintza sustatzeko. Bildu eta saretzea erabaki dugu, hitza eta musika batzen dituen Doinuele izendatuz gure sarea eta biak irudikatzen dituen logoa hautatuz: aurrerantzean 8 herrietako azoka edo plazen komunikazioan, bakoitzaren logoaz gain, Doinuelerena ere agertuko da, nor bere herrian ari bada ere Euskal Herri mailan koordinatuak garela adieraziz.”
Hortaz, aurtengo egutegia eta bakoitzaren ekimena elkarrekin aurkezteko, eta denak teilatu beraren azpian biltzeko Doinuele programa sortu da. Oraingo honetan zortzi herri edo zortzi ekimen elkartu dira, baina seguruenik gehiago batuko dira hemendik aurrera. Hauek dira oraingoz zazpi herri eta ekimenak: Galdakaoko Sormene, Zarautzeko Literaturia, Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka, Baztango (H)ilbeltza, eta Azkoitiako Geure Gelatik.
Euskarazko irakurzaletasuna eta musika sustatzeko lanean ari diren ekimen hauek elkartuta agertu dira lehen aldiz, eta elkarrekin aurkeztu dute zein egunetan izango den herri bakoitzaren egitaraua. Hala, Doinuele sareak honako ibilbidea izango du urtean zehar: Urtarrilean Baztanen (H)ilbeltza da, (H)ilbeltza elkarteak antolatuta; martxoaren 24 eta 25ean Azkoitian Geure Gelatik, Maxixatzenek antolatuta; apirilaren 27tik 30era, Galdakaon Sormene izango da; maiatzaren 5etik 7ra, Zarautzen izango da Literaturia; ekainaren 3an, Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Baltsan elkarteak eta Argiak antolatuta; irailaren 30ean, Hernaniko Liburu Azoka, Dobera euskara elkarteak antolatuta; urriaren 20an eta 21ean, Saran Ikusi Mikusi, Kiribil, Pamiela, Galtzagorri, Euskokultur eta Denon Arteanek antolatuta; eta azkenik, abenduaren 15etik 17ra, Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka, Gerriko elkarteak antolatuta.