ESZENA

Euskaltzaindiak Lautan Hiru Laguntza eman du

Gehibat Kultura elkarteko Xabin Fernandezek jasoko du aurtengo Lautan Hiru Laguntza, Zaku Berekoak izeneko lanagatik. Sortzaile gipuzkoarrak 2.500 euroko zenbatekoa eskuratuko du eta antzezlana 2026ko otsailean antolatuko den VIII. Lautan Hiru jaialdian estreinatuko da.

Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an, Bilboko Udalaren babesarekin. Sari horren helburua euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko xedez.

Xabin Fernandez Zubeldiak idatzi duen gidoia ekoizteko hiru hilabete ditu Gehibat elkarteak. Egileak adierazi duenez, “bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko”. Dena den, Intujai konpainiarekin elkarlanean egingo da proiektua.

Lanaren sinopsia hauxe duzue: “Gizon batek bere familiarekin ospatu nahi du urtebetetzea. Baina, zer gertatzen da inork erantzuten ez dionean? Zaku berekoak oroimenaren eta eromenaren artean igerian dabilen arima baten istorioa da. Odolekoa ez duen bere familia, panpin erraldoien irudian jasoko du ikusleak, bizitza bat antzeztu nahi duen gizon baten delirio poetiko moduan. Bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko.”

Epaimahaikideen arabera (Tartean, BIRA Kultura, 7Katu eta Euskaltzaindia), “testuan ausardia erakutsi du egileak, eta txotxongiloak baliatuz indar handia har dezake lan ilun honek”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button