
Euskararen Akademiak bi argitalpen aurkeztu ditu Sarako Idazleen 43. Biltzarrean.
Sarako Idazleen Biltzarrean makina bat lan aurkezten dira beti. Aurten, bere 43. edizioan Euskaltzaindiak bi liburu aurkeztu ditu: batetik, Battittu Coyos euskaltzain osoak paratu duen Junes Casenave-Harigileren Olerki bildüma, eta, bestetik, Jon Casenave euskaltzain osoaren Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu? saiakera.
Lehenengoan Casenave-Harigileren poesia agerrarazi da bi zatitan: 138 olerkietan denetarik da aipagai (natura, liliak, animaliak, iragaten eta egiten den denbora, jendea, bizitzaren gorabeherak, sentimenduak…), eta bigarrenean erlijioari loturik diren hamalau olerki biltzen ditu. Aurreko urteetan, Casenave-Harigileren Zortzi pastoral berri argitaratu ditu Euskaltzaindiak, bi liburukitan banatuta.
Bigarren kasuan, Jon Casenavek bere azken saiakera aurkeztu du: Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu? Bertan, hainbat gai jorratzen ditu euskaltzainak, besteak beste, “nola osatu den euskal klasikoen corpusa, nola finkatu den euskal kanon literarioa XX. mende erditik aurrera, gaiari buruz Jon Etxaidek, Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak edo Joan Mari Torrealdaik eginiko ekarpenak, zertan diren gaur egun gure harremanak lehengo autoreekin… “



