
Aiziritzeko herriko gelan jokatu zen aurtengo Xilabako bigarren eta azken kanporaketa. Hantxe Eneritz Zabaleta, Patxi Iriart, Egoitz Zelaia, Aitor Servier, Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy bertsolariak aritu ziren Pettan Prebende gai-emailearen zuzendaritzapean.
Xilabak adierazi duenez, neska-mutilek saio ederra eskaini zuten han bildu ziren ia hirurehun entzuleen gozamenerako.
Eneritz Zabaleta baionarra izan zen saioan puntu gehien irabazi zituena. Bere atzetik, oso hurbil, Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy.
Hortaz, erabakita gelditu da nork kantatuko duen azaroaren hamabosteko finalean. Honako bertsolariek osatuko dute seikotea: Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, eta Xumai Murua.