
Gaur goizean, Euskaltzaindiak Gabriel Aresti Elkartearekin batera antolaturiko Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte jardunaldia aurkeztu du. Bilboko Akademiaren egoitza nagusian izango da ekimena, urriaren 11n. Beste aldetik ere, Astelehen Buruzuria kontzertu akustikoen zikloaren gaineko xehetasunak eman dituzte.
Bizkaiko hiriburuan euskal kultura sustatzea, eta euskara “eguneroko bizigarri eta bizipoza” bilakatzea dira bi egitasmoen xedea.
Urriaren 11n burutuko den ekitaldiaren harira, Xabier Kintanak, Oskorri taldeak, Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, eta Jon Kortazarrek parte hartuko dute, besteak beste. Aipatutakoez gain, Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute jardunaldian. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ekarpenak aztertuko ditu, eta Mikel Martinez aktoreak idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du.
Jardunaldian, Agustin Ibarrola artista ere omenduko da, Ibarrolak bere irudiak eskaini zizkion Gabriel Arestiri 1967an, Euskal Harria-ren lehen ediziorako erabili zirenak. Horrexegatik, Susana Jodra ikerlariak Ibarrolak poema libururako egindako grabatuak aztertuko ditu. Omenaldian artistaren senideek parte hartuko dute.
Joaterik ez baduzue, jakin behar duzue Euskadi Irratiak eta Bilbo Hiria Irratiak zuzenean eskainiko dutela jardunaldia.
“Astelehen Buruzuria” kontzertu zikloa
Aipaturiko jardunaldiaz gain, Euskaltzaindiak beste ekimen bat antolatu du, kasu honetan, euskal musikarekin lotura zuena duena. Guztira sei kontzertu akustiko antolatu ditu Euskaltzaindiak urrian eta azaroan.
Urriaren 9an izango da lehena, Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak (Su Ta Gar) emango dutena; urriaren 16an bigarrena, La Basu eta Maisharekin; urriaren 23an, Anariren txanda izango da, eta urriaren 30ean Inun zornotzarrarena. Azaroaren 6an, Gorka Urbizuk joko du eta 13an, Niko Etxartek eskainiko du kontzertua. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 18:30etik aurrera egongo dira salgai (5 euroan).