IKUS-ENTZUN

Euskal Film Laburren proiekzioarekin hasiko da gaur “Zinebi”

Zinebiren 62. edizioari hasiera emango zaio gaur, Euskal Film Laburren proiekzioarekin. Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi film laburren proiekzioa (hiru dokumental, bi fikzio eta bi animazio) 18:30etik aurrera izango da Bilboko Arriaga Antzokian, Inaugurazio Galaren ostean.

Bilboko Udalak antolatuta, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia Arriaga Antzokian hasiko da gaur euskal film laburren proiekzioarekin, eta bertan, Zinebik aurtengo Ohorezko Mikeldia irabazi duten Jean-Pierre eta Luc Dardenne, Ana Murugarren eta Maria Eugenia Salaverri zinemagileei banatuko die.

Hauek dira lehiaketan parte hartuko duten zazpi euskal film laburrak: Ehiza, Hauazkena Taldea kolektiboarena (2020, 5 min. Animazioa); Zerua blu, Lur Olaizolarena (2020, 16 min. Dokumentala); Polvo somos, Estibaliz Urresolarena (2020, 29 min. Fikzioa); Homeless Home, Alberto Vazquezena (2020, 15 min. Animazioa); Quebrantos, Maria Elorza eta Koldo Almandozena (2020, 8 min. Dokumentala); Maite, Xabier Larrazabalena (2020, 13 min. Fikzioa); eta Hemen, gaur, berriz, Aitor Gametxorena (dokumentala).

Banatuko diren sariak honakoak dituzue: Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro), Mikeldi sariak fikzioaren, animazioaren eta film labur dokumentalaren kategorietan (5.000 euro bakoitzak), Publikoaren EITB Saria (3.000 euro) eta Gidoi Onenaren SGAE Fundazioa Saria (3.000 euro).

Zinebi 62 Nazioarteko Film Laburren Sail Ofizialean 60 filmek (21 fikzio, 20 dokumental eta 19 animazio) hartuko dute parte. Sariak Anette Dujisin ekuadortar zinema programatzaileak, Eugenia Mumenthaler argentinar ekoizleak, Izibene Oñederra euskal zuzendari eta ekoizleak, Daniel Ribas portugaldar zinema ikertzaile eta idazleak eta Txani Rodríguez euskal idazle, gidoilari eta kazetariak osaturiko epaimahaiak banatuko ditu.

Zinebi desberdina izango da aurten, eta filmak zinema-aretoetan erakusteaz gain, “COVID-19 pandemiak markatu duen 2020an, jaialdiaren zuzendaritzak Zinebiren edizio hibrido bat egitea erabaki du”. Hortaz, lan gehienak aurrez aurre proiektatuko dira, baina horrez gain, Filmin plataformaren bidez, on line erakutsiko dira hainbat sail.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button