
Gaur, hilak 17, 19:00etan, Euskadiko Filmategiak bultzaturiko Euskal emakume zinemagileak zikloaren saio berezi bat eskainiko da Artium Museoan.
Saio berezi honetarako emakume zinemagileentzako Aukera mentoretza-programako sei film laburrak proiektatuko dira, honako egile hauenak: Ainhoa Olaso (Durango, 1996) eta Enara García (Leioa, 1996), Tamara Lucarini (Basauri, 1987), Beatriz de Silva (Caceres, 1997), Uxue Botas (Andoain, 1998) eta Ane Nafarrete (Vitoria-Gasteiz, 1998), Nerea Sciarra eta Ane Inés Landeta (Bilbo, 1996) eta Lorea Lyons (Bilbo, 1996).
Honako film labur hauek erakutsiko dira: Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso, Enara Garcia, 2022), Prioridades (Tamara Lucarini, 2023), Hadas (Beatriz de Silva, 2023), Komando Marmitako (Uxue Botas, Ane Nafarrate, 2024), Pomo d’oro (Nerea Sciarra, 2024) eta Azkena (Ane Inés Landeta, Lorea Lyons, 2024).
Egitasmo hori “zinema-zuzendaritzan hasten ari diren emakumeei zuzenduta dago eta laguntza eman nahi die ikus-entzunezko sektorean hasiberriak diren eta profesionalizatzeko bidean dauden emakumeei, eta haien ibilbidea erraztu nahi du”.
Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren azken saioak honako hauek izango dira: ekainaren 19an, A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza, 2022) eta ekainaren 26an, Paradise Hills (Alice Waddington, 2019) proiektatuko da.