
Euskal emakume zinemagileak zikloaren bosgarren eta azken edizioak zuzendari gazteenen hamabi film programatuko ditu apiriletik ekainera bitartean. Besteak beste, honako hauek ikusi ahal izango dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon: 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola, 2023), Nina (Andrea Jaurrieta, 2024), Arima (Jaione Camborda, 2019) eta A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza, 2022). Horrela, Euskadiko Filmategiak 2021ean abiarazi zuen proiektu bat itxiko da.
Zikloak hiru helburu izan ditu: Euskal emakume zinemagileen talentua Filmategiaren pantailetan erakustea, eurek aurkeztea beren lanak eta hitz egitea publikoarekin, eta, horrekin guztiarekin batera, ikerketa akademiko bat egitea haien historiari eta haien filmografiaren garapenari buruz (Cineastas vascas, María Pilar Rodríguezek koordinatua).
Gaur, apirilak 3, hasiko da zikloa Gasteizen; bihar, apirilaren 4an Donostian, eta apirilaren 5ean, Bilbon. Hasiera honetan 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola, 2023) ikusi ahalko da. Filmak honako hau kontatzen du: Coco, 8 urtekoa bera, ez da sartzen gainerakoek beragandik espero duten horretan, eta ez du ulertzen zergatik. Inguruan denek Aitor deitzen diote, setati, baina berak ez du bere burua izen horrekin eta begirada horiekin identifikatzen. Amarekin eta bi anaiarekin bidaiatuko du amonarenera, eta izebarekin erlezaintzan eta ezti ekoizpenean hasiko da. Oporraldia egingo dute bertan, eta bizimodua aldatuko zaie.
Pieza zinematografikoak genero identitateari, duintasunari eta errespetuari buruz gogoeta egoteko gonbitea luzatzen digu. Neskato trans baten nortasun bilaketa hutsean gelditzen ez den filma da, baina horretaz gain, familian eta belaunaldien artean sortzen diren gatazkak ere erakusten ditu.
Horren ostean honako hauek ere etorriko dira: Nina (Andrea Jaurrieta, 2024); Jaione Cambordaren lehenengo film luzea Arima (2019); Lara Izagirrek sorturiko Un otoño sin Berlín (2015) filma; Paradise Hills (Alice Waddington, 2019); Enero (Ione Atenea, 2019); Polaris (Ainara Vera, 2022); Young & Beautiful (2018), Marina Lameirorena; Pizti bat, agian (Ainhoa Gutiérrez del Pozo, Olatz González Abrisketa, 2023); Las letras de Jordi (Maider Fernández Iriarte, 2019); A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza, 2022); eta Arduraz komunika dezagun (Aitziber Zapirain, 2021).
Zuzendari gehienek Artium Museoan, Tabakaleran eta Arte Ederren Bilboko Museoan izango dira lanen aurkezpenetan.
Hiruhileko honetako programazioari amaiera emateko, saio berezi bat egingo da, eta Aukera programa osatzen duten sei film laburrak proiektatuko dira.