BESTELAKOAK

“Euskal Egunak” egingo dituzte Parisen

Parisen maiatzaren 16tik 19ra bitartean egingo dituzten Journeés Basques (Euskal Egunak) izeneko jardunaldietan euskal musika, dantza eta kultura jorratuko dituzte.

Ekimena Pariseko Conservatoire á Rayonnement Regional (CRR) erakundeak antolatu du, Pariseko Euskal Etxearekin eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) elkarlanean, eta euskal musika, dantza eta orohar kultura ezagutaraztea du xede.

Jardunaldiok Conservatoire á Rayonnement Regional (CRR) eskolan egingo dira, eta ekitaldiak datorren astelehenean, maiatzak 16, abiatuko dira, Chiquito de Cambo Trinketean egingo den pilota erakustaldiarekin. Ikuskizuna 18:30ean hasiko da. Egun berean, baina 20:00etan, euskal jakien dastatzea egingo da. Hurrengo egunean, asteartean, CRRko Auditorium aretoan eskolako dantza ikasleek euskal dantzan oinarrituriko ikuskizuna taularatuko dute, Edu Muruamendiaraz euskal koreografoaren gidaritzapean.

Asteazkenean, maiatzaren 18, musika gaualdia egingo dute Kontserbatorioko Auditoriumean. Abeslari eta musikariak honakoak izango dira: Anaiki euskal koru paristarra, Système 20 abesbatza, Alicia Haté bakarlaria eta Kontserbatorioko Orkestra Gaztea.

Ostegunean CRRko Marcel Landowski Auditoriumean Ramon Lazkanoren Egan-4 lanaren estreinaldia egingo du Ensemble 2e2m taldeak, Pierre Roullier gidari duela. Azkenik, gaurtik eta ekainaren 11a bitartean Euskal Kultur Erakundeak sustatu duen Batekmila: Euskal Munduak erakusketa izango da ikusgai CRRen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button