
Azkuna Zentroan otsailaren 25etik martxoaren 1era egingo den Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarte Jaialdian hainbat euskal egilek hartuko dute parte, hala nola, Joseba Sarrionandiak, Maddi Barberrek, Miren Amurizak, Lizar Begoñak, Oihane Amantegi Uriartek, Miren Billelabeitiak eta Itxaro Bordak. Azken horrek, BBK Gutun Zuria Bilbao Saria jasoko du.
Aurtengo jaialdiak “begirada baikorra eta munduari irekia proposatzen du, literaturaren, artearen eta pentsamenduaren bidez, literatura garaikideko izen garrantzitsuek eta gaur egungo narratibako ahots berriek osatutako programa baten bidez”. Horretarako hitza, saiakera, edizioa, antropologia, soziologia, filosofia, kazetaritza, ikerketa, ikusizko arteak edo zuzeneko arteak lantzen dituzten egileak bilduko dira.
Euskal egile dezentek hartuko dute parte laster hasiko den edizioan, eta adibidez, Joseba Sarrionandiak Oihane Amantegi Uriarterekin hitz egingo du Euskaraz tropikoetan izeneko saioan. Itxaro Bordak, Aurélia Lassaque okzitanierazko idazlearekin batera, “testuinguru globalean hizkuntza gutxituetan idazteak dakarren erronkari helduko diote”. Miren Amuriza eta Lizar Begoña ere elkarrizketan arituko dira “hizkuntzaren erabilera bereziei, harreman afektiboen joskera berriei eta mundu prekarizatu baten hondakinei buruz”.
Aurten, jaialdiak, “aurre egin nahi dio gizartean sumatzen den goibelaldiari, eta baikortasunera gerturatu nahi du, literatura, arte eta pentsamendu-arloko sorkuntzaren bidez”.
Jaialdira bertaratuko diren beste idazle eta aditu batzuk honako hauek izango dira: Leila Guerriero, Rodrigo Fresán, Sabina Urraca, Rosario Villajos, Carmen Estrada, Miguel Brieva, Mª Ángeles Fernández, Jairo Marcos, Lola López Mondéjar,….
Antolaturiko jarduera guztiak Gutun Zuria jaialdiaren webgunean kontsultatu ahal dituzue.



