ESZENA

Aste honetan abiatuko da Santurtziko Antzerki Jaialdia

Urriaren 26tik azaroaren 26ra egingo den Santurtziko Antzerki Jaialdiaren 44. edizioak antzezlanik ikusgarrienak programatzeko ahalegin handia egin du. Guztira, 21 ikuskizun antolatu dira publiko guztiarentzat. Urriaren 26an izango da lehen ekitaldia Fake reality proposamenarekin.

Diogun moduan makina bat obra ikusteko aukera egongo da jaialdiaren barruan, batzuk euskaraz, honako hauek: Nire sudur punta zirku-ikuskizuna, 2022ko Trampolino Vetrinaren irabazlea eta sariduna 2022ko Territorio Violeta jaialdian (urriaren 28an); Kelonia eta Itsasoa, Gorakada konpainiarekin (azaroaren 5ean); Hobe Ixilik. Ramon Agirre eta Amaia Lizarralderekin (azaroaren 9an); eta Kortxoaren dilema, Patxo Telleriak zuzendutako Tartean Taldearen azken lana (azaroaren 23an). Azken lan hori berria da eta endreduzko thriller politikoa da bi aktorerentzat: Irakaslea (70 urte), Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. Noam Chomsky iberiar bat. Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Hauen ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukua, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Izan ere, aberatsaren amarru honen salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, Irakaslea bera izan da. Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin; ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin. Gaur hartu du erabakia. Publikoki iragartzera doan unean, ezezagun bat, bere Ikaslea (60 urte) izandako bat agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak garbitzera dator.

Obra guztien gaineko xehetasunak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button