LITERATURA

Harkaitz Canok John Cheever izango du aztergai Bilbon

Jon Cheever (1912 – 1982) idazle estatubatuarrari buruzko hitzaldia emango du Harkaitz Canok maiatzaren 25ean 10:00etan Bilboko Alondegian. Saioa Literatur Eskolaren egitarauaren barruan dago.

Alkoholikoa eta homosexuala, Cheever-en ipuin bildumak eta nobelak itzal handiko lanak dira. Esate baterako, Raymond Carver idazle estatubatuar laudatuaren obran eragina nabarmena izan zuten. 1979an Pulitzer saria jaso zuen The Stories of John Cheever lanari esker. Horretaz gain, bere estreinako eleberriari, The Wapshot Chronicle (1957), AEBetako National Book Award saria eman zioten. Estatubatuarraren beste nobela azpimarragarri batzuk Bullet Park (1969) eta Falconer (1977) dira.

Cheever euskaraz irakurtzeko aukera ere badago. Izan ere, Jasone Larrinagak Igerilaria kontakizuna itzuli zuen 2012an. Ipuin hori The New Yorker argitalpenean plazaratu zuen Cheever-ek 1964an. Armiarma.com webgunean ondokoa jasotzen da: “Hasiera batean nobela izateko asmoa zuen, 150 orrialde bete ohar idatzita zeuzkan, baina narrazio moldea eman zion azkenean. Hartan oinarrituta, Frank Perryk film bat egin zuen 1968an, Burt Lancaster protagonista zuela”.

Karmele Jaio, idazketaz

Bestalde, Karmele Jaioak idazteari buruz solasean izenburuko hitzaldia emango du maiatzaren 23an Bilbon dagoen Bizkaiko Foru Liburutegian, 19:00etan.

Show More

Related Articles

Back to top button